domingo, 13 de abril de 2014

Wouter Poels





Ba zen ordua, ezta? Ia egunero hiru hizkuntza erabiltzen ditut eta hirurek merezi dute leku bat blog honetan. Ez dakit zenbat urte daramadan idazten, baina oraindik bat baino ez dut erabili. Elkarrizketak egin ditudan bakoitzean, ingelesa erabiltzeko aukera izan dut, baina, orokorrean, beti gaztelaniaz idazten dut.
Euskal Herriko Itzuliaren aurtengo edizioa nahiko berezia izan da. Oraindik, etapa bat korritzeko falta da, baina, ia bukatutzat eman dezakegu (egia esan, bukatu da jadanik). Pixka bat arreta ipini gabe jarraitu dut nik 2014ko edizioa eta horrexegatik pentsatu nuen aukera aproposena izango zela erabiltzen dudan hirugarren hizkuntza, hau da, euskara, behingoz estreinatzeko blog honetan. Eta hor nabil. Hau dena esanda, beste gauzatxo bat esan nahi nuke. Ziur nago akats asko egingo ditudala, orduan, jarraitu baino lehen, barkamena eskatzea gustatuko litzaidake. Ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz, baina, bada ez bada, hasieratik esango dut hau ez dela hobeto erabiltzen dudan hizkuntza.
Ordiziatik atera aurretik, ematen zuen aurtengo edizioa oso lehiatua izango zela. Txirrindularien zerrenda luzea eta oparoa zen: Andy Schleck, Alberto Contador, Alejandro Valverde, Carlos Betancur, Rui Costa, Michal Kwiatkowski, Damiano Cunego, Mikel Nieve, Mikel Landa, Tony Martin, Samuel Sánchez… Txapeldungai asko eta errepidea, urtero bezala, aldapaz gainezka; ibilbidean, abenturak eragiteko aproposa diren hainbat leku. Euskal Herriko Itzuliak urtero errepikatzen du gonbidapen berbera; diferentziak txikiak izango direla, estrategia ezberdinak proposatzeko aukera ugari izango direla, eta mota ezberdinetako txirrindulariek irabazi dezaketela ziurtatzen du urtero itzuli honek. Aurten, ia eredu berbera izan dugu (egia esan, Xabier Usabiagarekin bat nator, nik ere uste dut diseinu aldatzeko parada heldu dela; berak proposatu zuena, erlojupekoa hasieran egiteko eta gero gailurretan diferentziak babestea, niri ere ideia ona deritzot). Oraindik, erlojupeko lehia geratzen da, baina irabazteko aukera izaten duten artean diferentziak ez dira batere handiak.
Hala ere, aurten bi izan dira txirrindulari sendoenak: Alejandro Valverde eta Alberto Contador. Carlos Betancur oso goiz joan zen etxera eta Rui Costa ez dago sasoi onenean. Txirrindulari guztiak, Valverde eta Contadorren parean, pasu bat atzerago omen daude. Haien arteko lehia zorrotza izan ere, pixka bat deskafeinatuta izan dela uste dut, gehiago espero genuen; nik neuk, behintzat, gehiago espero nuen. Dena den, urtero gertatzen den bezalaxe, txirrindularitza erakargarria ikusteko aukera izan dugu. Lehenengo etapan gertatu zena, Ordiziaren inguruan dastatu genuen lehiaketa, promes handia bihurtu zen; Arrate jendez gainezka ikustea beti atsegina da. Michael Matthewsen geroaren lekukoa izatea beti da txirrindularitzaz gozatzeko aukera ona. Romain Sicardek rola berria izaten du eta gustura ikusten zaio rola horretan. Wouter Poels garaile ikustea interesgarria izan da (horregatik, berari emango diot sarreraren izenburua emateko ohorea). Roman Kreuzingerren lanak eta Mikel Landaren borrakak txirrindularitzaren kemena azpimarratzen dute. Tony Martiren erakustaldia ederra izan zen.
Alabaina, esan dudan bezala, gehiago espero nuen; bereziki, atzo. Ben Swiftek oso ondo jolastu zituen bere kartak, baina, pittin bat gehiago espero nuen. Ez dakit zer gertatuko den gaur, baina, burutik ezin dut kendu José Ángel Gómez Marchantek irabazi zuen edizioa. Ematen zuen Alberto Contador eta Samuel Sánchezen arteko borroka izango genuela eta bat-batean inork espero ez zuena agertu zen. Michal Kwiatkowski oso gertu dago, baita Jean Christophe Peraud, biok oso ondo ibiltzen dira erlojupekoetan, eta Marchanteren testigua eramateko aukera izaten badute ez dut uste galduko dutenik.
(Hau dena, atzo idatzi nuen. Gero, ez nuen astirik izan sarrera argitaratzeko. Gaur, badakit nork irabazi zuen erlojupekoa eta nola geratu zen azken sailkapena. Hala eta guztiz ere, atzokoa uztea erabaki nuen, zeren horrela ikus dezakezuen zer gutxi dakit nik txirrindularitzaz eta zer txarra naiz ni pronostikoak egiten. Derrigorrez esan behar dut Alberto Contadorren garaipena izugarria izan dela. Bera izan da txirrindulari gogorrena eta berak merezi zuen irabazlea ateratzea.)
Ez dago esaterik aurtengo edizioan izan dugun gauza bereziena Euskaltel-Euskadiren maillota koloretsua ez ikustea izan dela. Laranjako gizonek pelotoian jarraitzen dute. Ez dira denak, baina askok bai lanpostu berri bat lortu dute. Haien motibazioa eta grina oso inportantea zen karrera honetan. Caja Ruralekoak saiatu dira rola hori hartzen: Omar Frailek “meta volantes” irabaziko du eta Amets Txurrukak jarraituko du bere legenda lehiakorra handitzen. Ez dakit nola azaltzen, baina, hainbeste urte jarraian etxeko taldea Euskal Herriaren errepideetan ikusi eta gero, oso arraroa egiten zait kolore hori ez ikustea tropelean. Txirrindulariei ere arraroa egiten zaie, baina, ziklismoak aurrera jarraituko duela, hori, denok dakigu. Orain, Mikel Landak, Mikel Nievek, Beñat Intxaustik edo Izagirre anaiek beste kolore batzuk izaten dituzte haien maillotetan baina orain ere afizioaren animoak jasotzen dituzte. Egia esan, txirrindulari guztiek jasotzen dituzte animo horiek.
Denboraldiak aurrera egiten du. Pasa den asteburuan, Fabian Cancellararen txanda izan zen eta berea izan zen erakustaldia emateko ordua, Johan Van Summerenek bere bizitzako susto handiena jaso zuen, Michelle Cound lagun berriak egiteko estrategi berria erabiltzen hasi zen, eta Alejandro Valverdek Nafarroan azkenean Gran Premio Miguel de Indurain berriro antolatzeko dirua aurkitu zutela ospatu zuen. Astean zehar, Euskal Herria kolorez bete da, mendi tontorretan, ibar estuenetan, hirien erdigunetan… Jendea kalera atera da eta txirrindularitzak aurrera jarraituko duela ospatu dute. Krisia dela eta ematen zuen hartu ditugun kolpeak jasanezinak izango zirela, baina kirol hau maite dugunok badakigu, datorrena datorrela, maldak beti izango ditugula, batzuetan gora, besteetan behera, baina beti maldak eta beti txirrindulariak igotzeko prest.

1 comentario: