Ba zen ordua, ezta? Ia egunero hiru hizkuntza erabiltzen ditut eta hirurek
merezi dute leku bat blog honetan. Ez dakit zenbat urte daramadan idazten,
baina oraindik bat baino ez dut erabili. Elkarrizketak egin ditudan bakoitzean,
ingelesa erabiltzeko aukera izan dut, baina, orokorrean, beti gaztelaniaz idazten
dut.
Euskal Herriko Itzuliaren aurtengo edizioa nahiko berezia izan da. Oraindik,
etapa bat korritzeko falta da, baina, ia bukatutzat eman dezakegu (egia esan,
bukatu da jadanik). Pixka bat arreta ipini gabe jarraitu dut nik 2014ko edizioa
eta horrexegatik pentsatu nuen aukera aproposena izango zela erabiltzen dudan
hirugarren hizkuntza, hau da, euskara, behingoz estreinatzeko blog honetan. Eta
hor nabil. Hau dena esanda, beste gauzatxo bat esan nahi nuke. Ziur nago akats
asko egingo ditudala, orduan, jarraitu baino lehen, barkamena eskatzea
gustatuko litzaidake. Ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz, baina, bada ez
bada, hasieratik esango dut hau ez dela hobeto erabiltzen dudan hizkuntza.
Ordiziatik atera aurretik, ematen zuen aurtengo edizioa oso lehiatua izango
zela. Txirrindularien zerrenda luzea eta oparoa zen: Andy Schleck, Alberto
Contador, Alejandro Valverde, Carlos Betancur, Rui Costa, Michal Kwiatkowski, Damiano
Cunego, Mikel Nieve, Mikel Landa, Tony Martin, Samuel Sánchez… Txapeldungai
asko eta errepidea, urtero bezala, aldapaz gainezka; ibilbidean, abenturak eragiteko
aproposa diren hainbat leku. Euskal Herriko Itzuliak urtero errepikatzen du
gonbidapen berbera; diferentziak txikiak izango direla, estrategia ezberdinak
proposatzeko aukera ugari izango direla, eta mota ezberdinetako txirrindulariek
irabazi dezaketela ziurtatzen du urtero itzuli honek. Aurten, ia eredu berbera
izan dugu (egia esan, Xabier Usabiagarekin bat nator, nik ere uste dut diseinu
aldatzeko parada heldu dela; berak proposatu zuena, erlojupekoa hasieran
egiteko eta gero gailurretan diferentziak babestea, niri ere ideia ona
deritzot). Oraindik, erlojupeko lehia geratzen da, baina irabazteko aukera
izaten duten artean diferentziak ez dira batere handiak.
Hala ere, aurten bi izan dira txirrindulari sendoenak: Alejandro Valverde
eta Alberto Contador. Carlos Betancur oso goiz joan zen etxera eta Rui Costa ez
dago sasoi onenean. Txirrindulari guztiak, Valverde eta Contadorren parean,
pasu bat atzerago omen daude. Haien arteko lehia zorrotza izan ere, pixka bat deskafeinatuta
izan dela uste dut, gehiago espero genuen; nik neuk, behintzat, gehiago espero
nuen. Dena den, urtero gertatzen den bezalaxe, txirrindularitza erakargarria
ikusteko aukera izan dugu. Lehenengo etapan gertatu zena, Ordiziaren inguruan
dastatu genuen lehiaketa, promes handia bihurtu zen; Arrate jendez gainezka
ikustea beti atsegina da. Michael Matthewsen geroaren lekukoa izatea beti da
txirrindularitzaz gozatzeko aukera ona. Romain Sicardek rola berria izaten du
eta gustura ikusten zaio rola horretan. Wouter Poels garaile ikustea
interesgarria izan da (horregatik, berari emango diot sarreraren izenburua
emateko ohorea). Roman Kreuzingerren lanak eta Mikel Landaren borrakak
txirrindularitzaren kemena azpimarratzen dute. Tony Martiren erakustaldia
ederra izan zen.
Alabaina, esan dudan bezala, gehiago espero nuen; bereziki, atzo. Ben
Swiftek oso ondo jolastu zituen bere kartak, baina, pittin bat gehiago espero nuen. Ez
dakit zer gertatuko den gaur, baina, burutik ezin dut kendu José Ángel Gómez
Marchantek irabazi zuen edizioa. Ematen zuen Alberto Contador eta Samuel Sánchezen
arteko borroka izango genuela eta bat-batean inork espero ez zuena agertu zen.
Michal Kwiatkowski oso gertu dago, baita Jean Christophe Peraud, biok oso ondo
ibiltzen dira erlojupekoetan, eta Marchanteren testigua eramateko aukera izaten
badute ez dut uste galduko dutenik.
(Hau dena, atzo idatzi nuen. Gero, ez nuen astirik izan sarrera
argitaratzeko. Gaur, badakit nork irabazi zuen erlojupekoa eta nola geratu zen
azken sailkapena. Hala eta guztiz ere, atzokoa uztea erabaki nuen, zeren horrela
ikus dezakezuen zer gutxi dakit nik txirrindularitzaz eta zer txarra naiz ni
pronostikoak egiten. Derrigorrez esan behar dut Alberto Contadorren garaipena izugarria
izan dela. Bera izan da txirrindulari gogorrena eta berak merezi zuen irabazlea
ateratzea.)
Ez dago esaterik aurtengo edizioan izan dugun gauza bereziena Euskaltel-Euskadiren
maillota koloretsua ez ikustea izan dela. Laranjako gizonek pelotoian
jarraitzen dute. Ez dira denak, baina askok bai lanpostu berri bat lortu dute.
Haien motibazioa eta grina oso inportantea zen karrera honetan. Caja Ruralekoak
saiatu dira rola hori hartzen: Omar Frailek “meta volantes” irabaziko du eta
Amets Txurrukak jarraituko du bere legenda lehiakorra handitzen. Ez dakit nola
azaltzen, baina, hainbeste urte jarraian etxeko taldea Euskal Herriaren
errepideetan ikusi eta gero, oso arraroa egiten zait kolore hori ez ikustea
tropelean. Txirrindulariei ere arraroa egiten zaie, baina, ziklismoak aurrera
jarraituko duela, hori, denok dakigu. Orain, Mikel Landak, Mikel Nievek, Beñat
Intxaustik edo Izagirre anaiek beste kolore batzuk izaten dituzte haien maillotetan
baina orain ere afizioaren animoak jasotzen dituzte. Egia esan, txirrindulari
guztiek jasotzen dituzte animo horiek.
Denboraldiak aurrera egiten du. Pasa den asteburuan, Fabian Cancellararen
txanda izan zen eta berea izan zen erakustaldia emateko ordua, Johan Van
Summerenek bere bizitzako susto handiena jaso zuen, Michelle Cound lagun
berriak egiteko estrategi berria erabiltzen hasi zen, eta Alejandro Valverdek Nafarroan
azkenean Gran Premio Miguel de Indurain berriro antolatzeko dirua aurkitu
zutela ospatu zuen. Astean zehar, Euskal Herria kolorez bete da, mendi tontorretan,
ibar estuenetan, hirien erdigunetan… Jendea kalera atera da eta txirrindularitzak
aurrera jarraituko duela ospatu dute. Krisia dela eta ematen zuen hartu ditugun
kolpeak jasanezinak izango zirela, baina kirol hau maite dugunok badakigu,
datorrena datorrela, maldak beti izango ditugula, batzuetan gora, besteetan
behera, baina beti maldak eta beti txirrindulariak igotzeko prest.
1 comentario:
Irakurleok sarrera gehiago euskeraz nahi ditugu!!!
Publicar un comentario